Garaiak aldatu arren, abegikortasunaren bihotzak taupadaka jarraitzen du. Ospitalarioak Fundazioare nortasuna.

Alejandro Florit y Ana Belén Guisado en el encuentro sobre identidad hospitalaria en Gesalibar.

Azaroaren 24an, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko hainbat zentro eta zerbitzutako profesionalak elkartu ginen Gesalibarren. Erakunde osoarentzat garrantzitsua iruditu zitzaigun tarte bat hartzea Euskadin gure nortasun ospitalarioa nola bizi dugun eta bizirik eusteko zer erantzukizun dugun hausnartzeko.

Nondik gatozen jakiteak laguntzen digu ulertzen zergatik zaintzen dugun horrela eta zer gorde nahi dugun aldaketek aurrera egin ahala. Euskadin egin ditugun 120 urte baino gehiagoko ibilbidean, gizartea aldatu egin da, eta harekin batera aldatu dira artatzen ditugun pertsonen premiak eta egoerak. Premia handiena duten pertsonen zerbitzura egoteko konpromisoak gidatzen du oraindik ere gure lana. Konpromiso horri eusteko, garai bakoitzeko premiak ezagutu eta erantzuteko modua egokitu behar dugu.

Misio berari jarraipena emateko etapa berria

Gesalibarko topaketan, Nortasun Korporatiboaren Arloko Alejandro Floritek eta Ana Belén Guisadok Nortasun Esparrua aurkeztu ziguten. Halaber, Ahizpa Ospitalarioen Kongregazioak zergatik bultzatu zuen Fundación Hospitalarias, irabazi-asmorik gabeko fundazio kanonikoa, sortzea azaldu ziguten.

Zerbitzuak ugaritu egin dira, eta ahizpen presentzia gutxitu egin da zentroetan. Fundazioa sortzeak aukera eman du arreta-lanari jarraipena emateko, gaur egungo beharretara egokitutako antolaketa baten bidez. Abegikortasunak eta jaso ditugun balioek taldeen erabakiak eta eguneroko lana gidatzen jarraitzen dute.

Ospitalarioak Fundazioa Euskadin, Fundación Hospitalarias osoarekin partekatzen dugu nortasun hori, eta hemengo errealitatetik bizi dugu. Gure zentroetan pertsonei harrera egiteko eta laguntzeko moduan ikusten da, baita Euskadiko osasun- eta gizarte-zerbitzuen sarearekin elkarlanean aritzeko moduan ere, gure inguruko premiei erantzuteko.

Guztion ekarpena, misio beraren alde

Bakoitzak bere alea jartzen du, bere eginkizunetik. Erantzukizuna partekatzea dagokigun lana egitea eta elkarri laguntzea da, pertsona bakoitzak behar duen arreta jaso dezan. Hori egunerokoan ikusten da. Norbaitek entzuten denbora hartzen duenean, beste norbaitek pertsona bat ongi hartua senti dadin espazioa prestatzen duenean, edo taldeak elkarlanean aritzen direnean, pertsona horrek etxera itzultzean behar duen laguntza jasotzen jarrai dezan.

Horregatik iruditu zitzaigun garrantzitsua Gesalibarren elkartzea. Zentro eta zerbitzu desberdinetan lan egiten dugunok elkarrekin hausnartzeak aukera eman zigun eginkizun bakoitzak misioari egiten dion ekarpena aitortzeko eta elkarrekin hobeto zaintzeko zer egin dezakegun galdetzeko.

Bihotz irekia

Gure logotipoko bihotzak Jesusen Bihotz Sakratua du jatorri, tradizio ospitalarioaren ikurra. Gaur egungo diseinuan, bi trazu irekik hutsune bat uzten dute erdian. Irekidura horrek gure beharra duten pertsona guztiei, bereizketarik gabe, harrera egiteko borondatea adierazten du. Ikurraren forma berritu egin da, konpromiso bera gaur ere adierazteko.

Euskadin 120 urte baino gehiago igaro ondoren, abegikortasunaren bihotzak taupadaka jarraitzen du, belaunaldiz belaunaldi pertsona askok zaintzeko modu hori bere egin dutelako. Ondare hori ezagutzeak laguntzen digu dagokigun erantzukizuna hartzen eta artatzen ditugun pertsonei eragiten dieten erabakietan hari jarraipena ematen.

Ikusi Fundación Hospitalariasen Nortasun Esparrua


Partekatu