Ekinoterapia gaixotasun mentalean eta desgaitasun intelektualean: zaldiekin lagundutako terapiaren onurak
Errehabilitazio eta Dinamizazioko Zerbitzuko koordinatzailea. Ospitalarioak Fundazioa Euskadi.
Ekinoterapia edo zaldiekin lagundutako terapia esku hartze egituratu bat da, non zaldia helburu fisiko, emozional, kognitibo eta sozialak lantzeko bitartekari gisa erabiltzen den. Ospitalarioak Fundazioa Euskadin osasun mentalean eta desgaitasun intelektualean erabiltzen dugu, erregulazio emozionala, autoestimua, trebetasun sozialak, parte hartzea eta bizi kalitatea sustatu ditzakeen tresna osagarri gisa, betiere balorazio indibidual baten ondoren, programa planifikatuekin eta gainbegiratze profesionalarekin.

Ekinoterapiaz hitz egiten dugunean, ez gara zaldiez bakarrik ari, osasun mentaleko eta desgaitasun intelektualeko errekuperazio prozesuak laguntzeko beste modu batez baizik. Zaldiekin lagundutako terapiak helburu emozionalak, erlazionalak, motorrak eta kognitiboak lantzeko aukera ematen du, zaldiarekiko loturaren eta jarduera garatzen den ingurunearen bidez.
Gaixotasun mentalaren eta desgaitasun intelektualaren esparruan ibilbide luzea duen Ospitalarioak Fundazioa Euskadibezalako laguntza erakunde batean, ekinoterapia arreta integraleko eredu baten barruko tresna osagarri gisa ulertzen da: beste edozein esku hartze bezala planifikatu, ebaluatu eta berrikusten da, eta bizitza proiektuak laguntzeko erabiltzen da, ez jarduera huts gisa.
Edukien taula
- Zer da ekinoterapia?
- Ekinoterapia, hipoterapia eta zaldiekin lagundutako beste terapia batzuk
- Nola laguntzen duen ekinoterapiak osasun mentalean
- Ekinoterapia eta desgaitasun intelektuala
- Ekinoterapiaren onurak: laburpena, arloen arabera
- Nolakoa da ekinoterapia saio bat?
- Norentzat da egokia? Mugak eta kontraindikazioak
- Zaldiekin lagundutako esku hartzea, osasun mentalaren lanketa integral baten barruan
- Bibliografia
Zer da ekinoterapia?
Ekinoterapia edo zaldiekin lagundutako terapia esku hartze terapeutiko egituratu bat da, zeinean osasunaren, hezkuntzaren edo errehabilitazioaren arloko profesionalek helburu fisikoak, kognitiboak, emozionalak edo sozialak lantzen dituzten, zaldia bitartekari nagusi gisa erabiliz. Animaliaren gainera muntatu, zaindu, gidatu edo lurretik interakzioa landuz egin daiteke, betiere planifikatutako programa baten barruan, talde profesional batek zehaztu eta gainbegiratutako helburuekin.
Ekinoterapia, hipoterapia eta zaldiekin lagundutako beste terapia batzuk
Eremu honetan sarritan nahasten diren hainbat termino erabiltzen dira:
- Ekinoterapia/zaldiekin lagundutako terapia.
Terminorik zabalena da. Zaldiaren laguntzarekin helburu fisikoak, kognitiboak, emozionalak eta sozialak bilatzen dituzten esku hartzeak egiten dira. - Hipoterapia Errehabilitazio fisiko eta neurologikoarekin lotzen da gehiago. Zaldiaren hiru dimentsioko mugimendua erabiltzen da tonu muskularra, posturaren kontrola, oreka eta martxaren patroia lantzeko.
- Ekitazio terapeutikoa edo egokitua.
Eginkizuna pertsonak muntatzen ikastean da, kirola eta autonomia lantzeko helburuekin, ingurunea, laguntzak eta materiala bere beharretara egokituz.
Osasun mentalaren eta desgaitasun intelektualaren testuinguruan, oro har, zaldiekin edo ekinoterapiarekin lagundutako esku hartzeez hitz egiten denean, helburu emozionalek, erlazionalek eta parte hartze sozialekoek pisu handia dute.
Nola laguntzen duen ekinoterapiak osasun mentalean
Eskura dugun ebidentziak adierazten duenez, zaldiekin lagundutako esku hartzeek ongizatea, erregulazio emozionala eta trebetasun sozial jakin batzuk hobetzen lagundu dezakete. Aldi berean, azterlanek azpimarratzen dute oraindik ikertzen jarraitu behar dela, zer kasutan funtzionatzen duen, zer intentsitaterekin eta zenbat denbora egin behar den hobeto jakiteko.
Datuetatik harago, pertsona bakoitzak modu bakarrean bizi du esperientzia. Zaldiak ez du talde terapeutikoa ordezkatzen: “koterapeuta” moduko bat bihurtzen da, bitartekari bat, hitzez bakarrik jorratzeko zailak diren alderdiak lantzeko aukera ematen duena.
Ondorio emozionalak eta erlazionalak
Hauek dira bai eguneroko praktikan zein literatura zientifikoan deskribatzen diren ondorioetako batzuk:
Antsietatea eta estresa murriztea
Ingurune zabal batean egoteak, zaldiaren erritmoari jarraitzeak eta lan zehatzetan zentratzeak lagundu egiten du aktibazio fisikoa eta mentala murrizten. Testuinguruak berak –zelaia, zalditegia, animaliarekiko kontaktua– asaldura apaltzera gonbidatzen du.
Erregulazio emozional hobea
Zaldiak ahots tonuaren, gorputzaren tentsioaren edo mugimendu zakarren arabera erantzuten du. Zaldiarekin lan egiteak pertsonari bere sentimendua hobeto ezagutzen laguntzen du, izan ere, bere egoerak animaliaren portaeran dituen ondorioak ikusten ditu, eta horiek modulatzen ikasten du.
Autoestimua eta ahalduntzea handitzea
Animalia handi bat zaintzeak, gidatzeak edo muntatzeak zerbait lortu izanaren bizipen indartsua eragiten du. Hori bereziki baliotsua da nahasmendu mentala edo desgaitasun intelektuala duten pertsonengan, beren buruarekiko konfiantza galdu ohi baitute.
Trebetasun sozialak eta komunikazioa indartzea
Dinamikak taldean egiten dira, eta koordinazioa behar da, zaldia garbitzeko eta prestatzeko lanetan akordioak lortu behar dira eta, muntatzeko orduan, txandak egin behar dira. Komunikazio ez-berbala ere entrenatzen da: zaldiarekiko distantzia errespetatzea, gorputz hizkuntza, taldearekiko eta beste erabiltzaile batzuekiko harreman bisuala.
Konexio handiagoa orainarekin
Zaldiarekin egin beharreko zereginek arreta jarraitua eskatzen dute: uhala prestatu, nondik ibili behar den begiratu, jarraibideak entzun, mugimenduak aurreratu, eskuak eta gorputza koordinatu. Horrek hausnarrean gelditzea galarazten du, eta hemen eta orain zentratzen laguntzen du.
Inpaktua eguneroko bizitzan eta parte hartzean
Errehabilitazio psikosozialaren barruan, ekinoterapia alderdi hauei laguntzen dien jarduera esanguratsu gisa uler daiteke:
- Errutinak egituratzea: saioaren eguna eta ordua, aldez aurreko prestaketa, higienea, joan-etorriak.
- Antolamendua entrenatzea: arropa egokia prestatzea, denborak errespetatzea, zereginen sekuentzia bat jarraitzea.
- Sare soziala eta agertokiak zabaltzea: ohiko baliabidetik atera eta beste ingurune komunitario batean parte hartzea.
- Kide izatearen sentsazioa indartzea: jarduera batean parte hartuz, helburu partekatuak dituen talde bateko kide izatea.
Horrek guztiak bizi kalitatea, autonomia eta parte hartze komunitarioa hobetzen laguntzen du, horiek direlarik osasun mentalaren arretaren helburu nagusiak.
Ekinoterapia eta desgaitasun intelektuala
Desgaitasun intelektuala duten pertsonetan, ekinoterapia tresna osagarri gisa erabiltzen da, besteak beste, helburu hauek lortze aldera:
- Arauak eta mugak bizipenen bidez lantzea.
Zaldiarekin oso agerian geratzen da hurbiltzeko eta tratatzeko moduak ondorioak dituela. Pertsona azeleratzen bada, animalia urduritu egiten da; lasaitasuna mantentzen badu, zaldiak hobeto erantzuten du. Horrek aukera ematen du mugen gaia esperientziatik lantzeko, ez bakarrik ahozko azalpenetatik. - Zaintzeko ohiturak eta erantzukizuna indartzea.
Materiala prestatzea, zaldia orraztea, zelatzen laguntzea edo ariketa egin ondoren gauzak jasotzea ardura, konstantzia eta ohiturak sustatzen dituzten zereginak dira, gero beste esparru batzuetara eraman daitezkeenak (bere burua, gela, gauzak zaintzea). - Koordinazioa, oreka eta gorputz eskema hobetzea.
Zaldira igo eta jaistea, postura mantentzea, pausoan erritmoa jarraitzea edo animaliaren gainean ariketa txikiak egitea lagungarria da norberaren gorputzaz jabetzeko eta posturaren kontrola hobetzeko. - Komunikazio erraza eta argia praktikatzea.
Jarraibide zehatz eta errepikatuekin eta keinuetan oinarrituta lan egiten da. Hori oso ondo egokitzen zaie ulermen maila mugatua duten edo hizkuntza zailtasunak dituzten pertsonei.
Bilakaera luzeko desgaitasun intelektuala eta jokabidearen nahasmendua duten pertsonen kasuan, zaldiak erabiliz lantzen den terapia kontu handiz egokitu behar da bakoitzaren ulermen mailara, portaeraren zailtasunetara eta laguntza beharretara, eta laguntza eta errehabilitazio plan indibidualaren barruan kokatu behar da beti.
Ekinoterapiaren onurak: laburpena, arloen arabera
Ekinoterapiak hainbat dimentsiotan ekar ditzake onurak. Pertsona guztiek ez dituzte aldaketa berak izaten, ezta intentsitate berarekin ere, baina, laburpen gisa, hauek sarritan ikusten dira:
| Arloa | Onurak |
|---|---|
| Fisiko-motorra | Oreka eta postura hobetzea, giharrak indartzea, gorputzaren koordinazio eta kontrol handiagoa. |
| Kognitiboa | Jardueran arreta eta kontzentrazioa handitzea, jarraibideak betetzeko eta zeregin errazak planifikatzeko gaitasun hobea, errutinen memoria. |
| Emozionala | Antsietatea eta estresa murriztea, lasaitasun eta ongizate sentsazioa, autoestimua eta eraginkortasun pertsonalaren pertzepzioa indartzea. |
| Soziala | Oinarrizko trebetasun sozialak hobetzea (agurtzea, laguntza eskatzea, txandak errespetatzea), talde lana, hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioa. |
| Funtzionala eta eguneroko bizitza | Jardueretan parte hartzeko ekimen handiagoa, errutinen egitura hobea, autonomia handiagoa eguneroko keinu txikietan eta motibazio handiagoa ohiko baliabidetik ateratzeko eta ingurunearekin lotzeko. |
Nolakoa da ekinoterapia saio bat?
Oro har, saio batek honen antzeko eskema bat izan dezake:
- Aldez aurreko balorazioa.
Talde klinikoak ekinoterapia pertsonarentzat egokia den baloratzen du, diagnostikoaren, egoera fisikoaren, ulermen mailaren, medikazioaren, beharrezko laguntzen eta balizko arriskuen arabera. - Helburuen definizioa.
Helburuak zehazten dira (adibidez, egoera berrien aurreko antsietatea murriztea, arreta entrenatzea, ohiturak lantzea, oreka hobetzea), eta plan terapeutiko globalean integratzen dira. - Ingurunearekiko eta zaldiarekiko kontaktua.
Pertsona zentrora iristen denean, segurtasuneko oinarrizko arauak gogoratu, zaldia aurkeztu eta lehen lanak egiten dira, errazak: behatu, laztandu, orraztu, prestatzen lagundu. - Jarduera nagusia.
Zaldia lurretik gidatzea, pausoan muntatzea, zirkuitu txikiak egitea, jolas egokituak edo talde dinamikak egitea… Guztia prestatuta dauden eta esperientzia duten profesionalen laguntzarekin eta haiek gainbegiratuta egiten da. - Amaiera eta gogoeta.
Tarte bat uzten da lasaitzeko, zaldiari agur esateko eta esperientzia nolakoa izan den komentatzeko: zer izan den erraza edo zaila, zer emozio agertu diren, zer ikasgai eraman daitezkeen bizitzako beste esparru batzuetara.
Norentzat da egokia? Mugak eta kontraindikazioak
Ekinoterapia askotariko testuinguruetan erabiltzen da. Osasun mentalaren eta desgaitasun intelektualaren esparruan, pertsona hauekin hartu ohi da bereziki kontuan:
- Nahasmendu mental larria duten pertsonak, errehabilitazio psikosozialeko programetan parte hartzen dutenak.
- Desgaitasun intelektuala eta jokabidearen nahasmendua duten pertsonak, espazio egituratuak behar dituztenak erregulazioa, ohiturak eta trebetasun sozialak lantzeko.
- Antsietate nahasmenduak, zailtasun emozionalak edo jokabidea erregulatzeko arazoak dituzten pertsonak.
Gerta daiteke egoera batzuetan gomendagarria ez izatea, edo egokitzapen bereziak eskatzea:
- Animaliei beldur handia izatea edo etengabe arbuiatzea.
- Arazo muskuloeskeletiko larriak edo erortzeko arrisku handia.
- Zaldi, hauts, belar edo inguruko beste elementu batzuekiko alergia larriak.
- Egoera kliniko akutuak (adibidez, deskonpentsazio psikotikoa edo autolesio edo heteroerasorako arrisku handia).
- Jokabide arazoak, pertsonaren, taldearen, ekipoaren edo animaliaren segurtasuna arriskuan jar dezaketenak.
Horregatik guztiagatik, pertsonaren historia eta une bakoitzeko egoera ondo ezagutzen duen talde kliniko batek gomendatu behar du, ekinoterapiaren programa eta egiten diren gainerako esku hartzeak koordinatuz (psikoterapia, farmakoterapia, psikoheziketa, familia programak, etab.).
Zaldiekin lagundutako esku hartzea, osasun mentalaren lanketa integral baten barruan
Osasun mentalari buruzko nazioarteko joerak eredu komunitario eta errehabilitatzaileetara jotzen du, non tratamendu klinikoa, errehabilitazio psikosoziala, familientzako laguntza eta komunitatean parte hartze aktiboa uztartzen diren.
Marko horretan, ekinoterapia puzzle askoz zabalago baten beste pieza baten moduan ulertzen da, zeinak alderdi hauek jasotzen dituen:
- Arreta kliniko espezializatua: psikiatria, psikologia klinikoa, osasun mentaleko erizaintza.
- Errehabilitazio psikosoziala: errehabilitazio psikosozialeko zentroak, etxean esku hartzeko programak, egoitzetako baliabide komunitarioak, eguneko zentroak, eguneko ospitaleak.
- Terapia eta jarduera osagarriak: animaliekin lagundutako beste esku hartze batzuk, sormen tailerrak eta okupazionalak, kirol jarduerak, trebetasun taldeak eta aisialdi inklusiboko programak.
Ekinoterapia ikuspegi integral horretan integratzeak mezu argi bat ematen du: osasun mentalaren eta desgaitasun intelektualaren arretak esperientzia esanguratsuak bilatzen ditu, bizi proiekturik ahalik eta osoenak sostengatzeko.
Bibliografia
- Arsovski, D. (2024). The role of Animal Assisted Therapy in the rehabilitation of mental health disorders: A systematic literature review. Integrative Medicine Research.
- Sánchez, M. B., et al. (2024). Revisión sistemática sobre el beneficio sobre la salud de las terapias asistidas con animales. Revista Española de Salud Pública.
- Sánchez-Piedra, C. A., García de la Santa Viñuela, A., Roncal Redín, M., & García Carpintero, E. E. (2025). Eficacia y seguridad de la terapia con caballos en condiciones clínicas seleccionadas. Madrid: Ministerio de Sanidad – AETS-ISCIII.
- Calvo, P., Fortuny, J. R., Guzmán, S., Macías, C., Bowen, J., & García, M. L. (2016). Animal assisted therapy (AAT) program as a useful adjunct to conventional psychosocial rehabilitation for people with schizophrenia: A pilot study. Frontiers in Psychology, 7, 631.
- Souilm, N., et al. (2023). Equine-assisted therapy effectiveness in improving emotion regulation, self-efficacy, and perceived self-esteem among patients with substance use disorders. BMC Complementary Medicine and Therapies, 23, 319.
- Stergiou, A. N., et al. (2025). Effects of Equine-Assisted Therapy: A Systematic Review and Meta-analysis. Journal of Clinical Medicine, 14(11), 3731.
- Xiao, N., Shiyue, L., et al. (2023). Effects of Equine-Assisted Activities and Therapies for Autism Spectrum Disorder: A systematic review. International Journal of Environmental Research and Public Health, 20(3), 2630.



