Alzheimerraren Mundu Eguna ospatu genuen oroitzapen jarduerekin, bideo batekin eta mural kolektibo batekin

Irailaren 21a Alzheimerraren Mundu Eguna izaten da, halaxe ezarri baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), gaixotasun neurodegeneratibo horren eta gaixotasunak mundu osoko milioika pertsona eta familiatan dituen ondorioen inguruan sentsibilizatzeko.
Hori dela eta, Ospitalarioak Fundazioa Euskadik Durangon, Arrasaten, Oñatin eta Bergaran dituen adinekoen egoitzek eta eguneko zentroek jarduera bereziak antolatu zituzten, artatzen dituzten adinekoen oroitzapenak pizteko eta bizi istorioak ospatzeko.
Durangoko Joxe Miel Barandiaran Egoitzan oroitzapen dinamika bat egin zuten, eta, horretarako, oroitzapenak pizteko galderak zituzten txartelak banatu zituzten. Horietatik abiatuta, egoiliarrek solasaldi bat egin zuten, beren iraganeko uneak eta egoerak gogoratzeko, eta beren bizitzako hainbat etapetako pasadizoak, abestiak, usainak eta sentsazioak ere gogora ekarri zituzten.
Antzeko jarduera bat egin zen Arrasateko Musakola Adinekoen Eguneko Zentroan ere, eta erabiltzaileek elkarrizketak izateko eta bizipen garrantzitsuak gogora ekartzeko tailer batean parte hartu zuten. Oroitzapen ariketa egiteko ez ezik, saio horiek lagungarriak dira komunikazioa, autoestimua eta lotura soziala indartzeko ere.
Oñatiko San Martin Egoitzan, egoiliarrek orri-markagailuak egin zituzten, eta salgai jarri ziren Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten Gipuzkoako Pertsonen Familien Elkartearekin (AFAGI) lankidetzan aritzeko. Alzheimerraren Eguna ospatzeko bideo bat, bertso batekin, familiei ere bidali zitzaien.
Bestalde, Bergarako Eguneko Zentroak memoria kolektiboa landu zuen, erabiltzaileek emandako argazki esanguratsuekin mural bat eraikita.
Zentroetako jarduerez gain, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko adinekoen zentroetako ordezkariak “Alzheimerra: aukera berri bat” jardunaldian izan ziren hilaren 17an. Alzheimerra eta beste dementzia batzuk dituzten pertsona gaixoen senitartekoen Bizkaiko Elkarteak (AFA Bizkaia) antolatu zuen jardunaldi hori Deustuko Unibertsitatean.






















