Osasun mentala

RTVEk Ospitlarioak Fundazioa Euskadiko Psikiatria Legaleko Unitatearen arreta-eredua ezagutu du

Equipo de RTVE junto a profesionales de la Unidad de Psiquiatría Legal de Ospitalarioak Fundazioa Euskadi

RTVEko talde batek Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Psikiatria Legaleko Unitatea bisitatu du, Espainian aitzindaria den arreta-eredu bat gertutik ezagutzeko. Unitateak gaixotasun mental larria duten eta, beren gaixotasunaren testuinguruan delitu larri bat egin ondoren, ebazpen judizial baten bidez askatasunaz gabetzeko neurri bat bete behar duten pertsonak artatzen ditu.

Badira oraindik ere gutxi ezagutzen diren osasun mentaleko errealitateak. Horietako bat da gaixotasun mental larria, ebazpen judizial bat eta tratamendu- eta errehabilitazio-beharra batera ematen diren pertsonen arreta.

RTVEko talde bat Ospitalarioak Fundazioa Euskadira etorri da, 2013tik gure Psikiatria Legaleko Unitatean egiten dugun lana bertatik bertara ezagutzeko.

Grabazioan zehar, kazetariek eta Unitateko profesionalek arreta-eredu honen ezaugarrietan, artatutako pertsonen behar espezifikoetan eta garatzen dugun ikuspegi terapeutiko eta errehabilitatzailean sakondu dute.

Eduki hori espetxe-eremuko osasun mentalari buruzko erreportaje baten parte izango da. Erreportajea hainbat eragileren lankidetzarekin egiten ari da, tartean Ospitalarioak Fundazioa Euskadirena, eta urrian emititzea aurreikusten da.

Euskadin aitzindaria den arreta-eredua

Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Psikiatria Legaleko Unitatea 2013an jarri zen martxan, orduko Aita Menni Ospitalearen, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren arteko lankidetzaren ondorioz.

Espainian aitzindaria den eredua da. Gaixotasun mental larria duten eta, beren gaixotasunaren testuinguruan delitu larri bat egin ondoren, ebazpen judizial baten bidez askatasunaz gabetzeko neurri bat bete behar duten pertsonak osasun-ingurune espezializatu batean artatzea ahalbidetzen du.

Ereduaren berezitasunak ebazpen judizialetik eratorritako eskakizunak eta funtsean asistentziala den erantzuna uztartzeko aukera ematen du.

Izan ere, neurri judizial bat betetzeak ez du pertsonaren tratamendu-beharra ezabatzen, ezta errekuperatzeko dituen aukerak ere.

Arreta psikiatrikoa, errehabilitazioa eta errekuperazioa

Unitatean dagoen bitartean, pertsona bakoitzak bere beharretara egokitutako arreta jasotzen du.

Arretak jarraipen psikiatrikoa eta psikologikoa, osasun-zainketak eta errehabilitazio- eta errekuperazio-ibilbide indibidualizatua barne hartzen ditu. Talde espezializatu batek garatzen du prozesua, epaileak ezarritako denboran.

Helburua konplexutasun handiko egoerei ezagutza kliniko eta errehabilitatzailetik erantzutea da, gaixotasun mentala eta pertsona bakoitzaren beharrak landuz eta, ahal den neurrian, haren bilakaera eta errekuperazioa sustatuz.

Eredu horrek espazio berean uztartzen ditu tratamendua, errehabilitazioa, zaintza eta duintasuna, arreta garatzen den esparru judiziala ahaztu gabe.

Gutxi ezagutzen den errealitate bati ikusgarritasuna ematea

RTVEren bisita aukera bat ere bada oraindik gizartean ezezaguna den errealitate hau ezagutarazteko.

Gaixotasun mental larriaz eta delituaz hitz egiteak zorroztasuna eskatzen du. Gaixotasun mentala ezin da, oro har, indarkeriarekin edo delinkuentziarekin lotu. Psikiatria Legaleko Unitateak oso egoera espezifiko eta konplexuekin egiten du lan, eta horiek erantzun espezializatua behar dute.

Ospitalarioak Fundazioa Euskadirentzat, arreta-eredu hauek ezagutarazteak osasun mentalaren konplexutasuna hobeto ulertzen, estigmari aurre egiten eta pertsona bakoitzaren tratamendua, errehabilitazioa eta duintasunarekiko errespetua uztartzeko gai diren erantzunetan aurrera egiten laguntzen du.

RTVEren erreportajeak errealitate honetan sakontzeko eta egunero pertsona horiek artatzen dituzten profesionalen lana ezagutzeko aukera emango du.

Erreportajea urrian emititzea aurreikusten da.


Partekatu

Albiste gehiago