Ospitalarioak Fundazioa Euskadik hiru ikerketa aurkeztu ditu Espainiako Neurorrehabilitazio Elkartearen jardunaldian, eta ahozko komunikazio onenaren saria jaso du

Neurorrehabilitazio eta Garuneko Kaltea ren Zerbitzuak adimen artifizialari eta iktusaren ondorengo garun-estimulazioari buruzko hiru lan zientifiko aurkeztu ditu. Horietako batek, adimen artifiziala jardun klinikoan arduraz erabiltzeari buruzkoak, jardunaldiko ahozko komunikazio onenaren saria jaso du.
Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Neurorrehabilitazio eta Garuneko Kaltearen Zerbitzuak Espainiako Neurorrehabilitazio Elkartearen (SENR) XXIV. Jardunaldian parte hartu du. Topaketa azaroaren 19an egin zen, Sevillan, Espainiako Neurologia Elkartearen Urteko Bileraren barruan.
Taldeak hiru lan zientifiko aurkeztu ditu, bi ikerketa-ildo nagusitan kokatzen direnak: adimen artifiziala jardun klinikoan txertatzeko aukerak eta garun-estimulazio ez-inbaditzailea iktusa izan duten pertsonen errehabilitazioaren osagarri gisa erabiltzea.
Parte-hartzearen lorpen aipagarriena jardunaldiko ahozko komunikazio onenaren saria izan da. Saria Juan Ignacio Marín Ojeak, Fundazioko Neurorrehabilitazio eta Garuneko Kaltearen Zerbitzuko mediku errehabilitatzaileak, aurkeztutako lanak jaso du.
Adimen artifiziala: berrikuntza, erantzukizun klinikoa oinarri hartuta
Saritutako komunikazioak, «Adimen artifizialaren autonomia funtzio bakoitzaren araberakoa da: neurorrehabilitazioan eginkizun klinikoak eskuordetzeko esparru baten proposamena» izenekoak, osasun-arretan gero eta garrantzi handiagoa duen galdera bati heltzen dio: zer eginkizun utz daitezkeen adimen artifizialaren esku, zer baldintzatan eta profesionalen zer-nolako gainbegiradapean.
Lanak hiru jarduera-maila bereiztea proposatzen du: informazioa aztertzea eta lantzea; aurrez baimendutako muga klinikoen barruan doikuntzak egitea; eta helburu terapeutikoei edo tratamendu-estrategiari eragiten dieten erabakiak hartzea.
Proposamenaren abiapuntua funtsezko ideia bat da: sistema batek gaitasun teknologiko jakin batzuk izateak ez du esan nahi edozein erabaki kliniko har dezakeenik.
Horregatik, helburuak eta estrategia terapeutikoa zehazteko ardura arreta-taldearen esku kokatzen du, pazientearen parte-hartzearekin. Era berean, tresna bakoitzari eman dakiokeen autonomia eskuragarri dagoen ebidentziaren, arriskuen eta beharrezko gainbegiratzearen arabera zehaztu behar dela planteatzen du.
Ikerketaren egileak Juan Ignacio Marín Ojea, Manuel Murie Fernández, Naiara Mimentza Larrinaga, Juan Sebastián Assanelli eta José Ignacio Quemada Ubis dira.
Iktusaren ondorengo errehabilitaziorako aukera berriak
Saritutako komunikazioaz gain, taldeak garun-estimulazio ez-inbaditzaileari buruzko bi poster zientifiko aurkeztu ditu. Ikerketa-ildo horrek iktusaren ondorioak dituzten pertsonen errehabilitazioan teknika horiek izan dezaketen ekarpena aztertzen du.
Lehenengo posterra Jimena Ibáñezek, zerbitzuko terapeuta okupazionalak, aurkeztu du. Eskuineko garun-hemisferioan iktus larria izan ondoren mugimenduan eta arretan zailtasun handiak zituen pertsona baten bilakaera aztertzen du.
«Bi dianako theta-burst estimulazioa eta hainbat arlotako susperraldia eskuineko hemisferioko iktus larri baten ondoren: kasu bakar baten luzetarako behaketa» izeneko lanak errehabilitazio-prozesuan garun-estimulazioko bi ziklo txertatu izana deskribatzen du.
Jarraipenean hobekuntzak hauteman ziren mugimenduari, arretari eta gaitasun kognitiboei lotutako hainbat alderditan. Hala ere, kasu bakarreko azterketa denez, emaitzek ez dute ahalbidetzen hobekuntza horiek zuzenean estimulazioari egoztea. Dena den, ikertzen jarraitzeko informazio interesgarria eskaintzen dute.
Iktusaren ondorengo minari ikuspegi multidimentsionaletik heltzea
Bigarren posterra Iratxe Ariasek aurkeztu du, eta iktusaren ondorengo min zentralaren tratamendua du aztergai. Egoera horrek eragin handia izan dezake pertsonen eguneroko jardueran eta ongizatean.
«Bi dianako aldizkako theta-burst estimulazioa tratamenduarekiko erresistentea den iktusaren ondorengo min zentralean: ikuspegi multidimentsionala kasu batean» izeneko lanak tratamendu farmakologikoa jaso arren min handia eta iraunkorra zuen pertsona baten bilakaera aztertzen du.
Esku-hartzean, mugimenduarekin eta minaren osagai emozional eta kognitiboekin lotutako garun-eremuen estimulazioa, erlaxazio-teknikak eta psikoterapia uztartu ziren.
Emaitzek hobekuntzak erakutsi zituzten minaren hainbat neurketatan eta minak eguneroko bizitzan zuen eraginean, nahiz eta une jakin batzuetan minaren intentsitatea aldakorra izan. Behaketa esploratzaileak dira, eta azterketa kontrolatuen bidez berretsi beharko dira.
Ikerketak agerian uzten du minari ikuspegi multidimentsionaletik heltzeko garrantzia: minaren intentsitatea ez ezik, pertsona bakoitzaren autonomian, jardueran eta ongizatean duen eragina ere kontuan hartuta.
Ikerketa eta ezagutza, arreta espezializatuaren zerbitzura
Hiru lan horien aurkezpenak eta jasotako aitortzak Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Neurorrehabilitazio eta Garuneko Kaltearen Zerbitzuaren ikerketa-jarduera islatzen dute.
Ikerketek eguneroko jardun asistentzialarekin lotura zuzena duten galderei erantzun nahi diete: nola txertatu teknologia berriak modu seguruan, nola zabaldu errehabilitaziorako aukerak eta nola heldu pertsonen susperraldian eta bizi-kalitatean eragina duten behar konplexuei.
Ikertzea, tresna berriak ebaluatzea eta ezagutza komunitate zientifikoarekin partekatzea Ospitalarioak Fundazioa Euskadik arreta espezializatuarekin duen konpromisoaren parte dira; ezagutza profesionalean, berrikuntzan eta pertsona bakoitzaren beharretan oinarritutako arretaren aldeko konpromisoaren parte, hain zuzen ere.











