2024. urtea amaitu arte, gure 125 urteko ibilbidean, dilin-dalan… 1.500 kanpai hots partekatu ditugu dagoeneko. Errehabilitazio eta Dinamizazio Sozialeko Zerbitzuak, bere jarduerekin, Gabon jai hauetan 1.512 kanpai hotsera iristera animatu zuen gogo biziz, 2025ari ateak merezi bezala irekitzeko.
Urtero bezala, Aita Menni Ospitaleak Gabonetako programa berezia diseinatu zuen, elizkizunak eta musika uztartzen dituzten jarduerez betetako uneak, ospatzeko eta elkarbizitzarako.
Abenduko lehen igandeak markatu zuen prestakuntza espiritualaren denboraren hasiera. Hilaren 9an, astelehena, Gabonetako dekorazio astea hasi zen, ospitaleko txoko bakoitzari jai giro abegikorra emateko.
Abenduaren 14an musikak hartu zuen protagonismoa, ‘Cada día en su Presencia’ abesbatzak eskainitako gospel kontzertu apartarekin, aretoari alaitasunez eta konexioz betez.
Aita Menni Ospitaleko eta San Juan de Dios Ospitaleko pazienteen abesbatzek emanaldi beroa egin zuten abenduaren 16an, eta ez zen txalorik falta izan.
19an, ospitaleko “Juan Carlos Irizar” areto nagusiak dardara egin zuen XII. Gabon Lehiaketarekin eta Gabonetako Postalen Lehiaketako sari banaketarekin. Abenduaren 20an San Tomas ospatuko genuen familiekin batera, eta 21ean, larunbata, Gabonetako Azoka ireki genuen galerian.
Olentzerok eta Mari Domingik bisita egin ziguten 23an goizean. Abenduaren 24a esanahiz bete zen kaperan Belengo Argiaren zeremonia hunkigarriarekin, eta berdin gertatu zen 25eko eukaristiarekin eta Gabonetako bazkari bereziarekin. 26an batukada izan genuen goizean; eskerrik asko zuen danborrekin animatzera etortzeagatik!, eta bazkalostean, zinema.
Eskerrak eman nahi dizkiogu Arrasateko Musika Eskolari ere, hilaren 30ean biolin kontzertu bikaina eskaini baitzigun. Urtea ixteko, abenduaren 31n, galeria festagune bihurtu zen Urtezaharreko Kotiloi alaiarekin, eta ospakizuna barrez eta 2025erako desiorik onenez bete zen.
Urtarrilaren 1ean, komunitateak Urteberriko mezarekin ospatu zuen urte berriaren hasiera. Bi egun geroago, urtarrilaren 3an, magia iritsi zen unitateetara, Erregeen Kabalgatarekin, pazienteentzako eta profesionalentzako ilusio eta alaitasun unea izanik. Azkenik, urtarrilaren 6an, Erregeetako eukaristiak eta Urteberriko zinemak eman zioten amaiera Gabonetako programari.
Une maitagarriak partekatzeko eta Gabonak komunitatean ospatzeko diseinatutako jarduerez betetako programa honek berretsi egiten du gure erakundeak gaixo dauden pertsonen arreta integralarekin duen konpromisoa.
Zorionak eta urte berri on!