Arreta soziosanitarioa

Ciempozuelosera bidaiatu dugu, gure erakundearen jatorria ezagutzeko

Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko eta Ospitalarioak Fundazioa Nafarroako 40 laguntzaile inguruk osatutako talde bat Madrilgo Ciempozuelos herrira joan zen, Ahizpa Ospitalarioen kongregazioa sortu zeneko ama etxea ezagutzera. Sortzaileei omenaldia egin ondoren, gure laguntzaileak Burgostik itzuli ziren hurrengo egunean, eta Ospitalarioak Fundazioaren zentroa bisitatu, eta Arrasateko Komunitateko kide izan ziren ahizpa batzuk agurtu zituzten.
Ciempozuelosera bidaiatu dugu, gure erakundearen jatorria ezagutzeko

Joan den astelehenean, irailaren 22an, Ospitalarioak Fundazioa Euskaditik bizikidetza eta memoria bidaia abiatu zen. Gure ospitaleko 30 laguntzaile eta Ospitalarioak Fundazioa Nafarroako 8 —Elizondo eta Iruñeko zentroetakoak, hain zuzen— Ciempozueloseko (Madril) Ahizpa Ospitalarioen ama etxera joan ziren, kongregazioaren jatorria ezagutzeko asmoz. Han, San Benito Menniren eta gure erakundearen sortzaileen —Maria Josefa Recio eta Maria Angustias Gimenez ahizpak— lehen urratsak gogoratu zituzten.

Madrilgo herri horretan, gaur egun laguntzarako etxe sailean dauden pertsonen maitasuna eta abegia jaso zuen taldeak. Etxe horretan bertan hasi zuten gure sortzaileek, 1881ean,  gaixotasun mentala duten emakumeak artatzeko misioa.

1885ean, Madrilgo probintziako beste herri batzuetan bezala, Ciempozuelosen ere kolera zabaldu zen. Agerraldia gelditzeko ahaleginean, hainbat ahizpa hil ziren. Hori dela eta, gure laguntzaile taldeak omenaldi hunkigarria egin zuen herriko hilerrian, lehen ahizpen eta epidemia horren ondorioz hil zirenen omenez.

Asteartea Burgosen igaro zuten. Han, gure profesionalak zeramatzan autobusak Ospitalarioak Fundazioaren zentroa bisitatu zuen, eta, tarte batean, Adinekoen Unitatean bizi diren ahizpen komunitatearekin egoteko aukera izan zuten. Horietako asko Arrasateko Komunitateko kide izan ziren urteetan. Oso esperotakoa eta egiazki maitagarria izan zen bisita horri esker, harremanak estutu ahal izan ziren, bai eta historian zehar kongregazioak egindako lanarekiko esker ona adierazi ere.

Ciempozueloserako bidaia tradizional honek Euskal Herriko eta Nafarroako laguntzaileak bildu ditu aurrenekoz. Aurreko edizioetan bezala, oso positiboki baloratu da. Egoitz Zabala Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Nortasun Ospitalarioko arduradunaren arabera, «parte hartzeko aukera izan dutenek nabarmendu dute zeinen garrantzitsua den Ospitalarioak Fundazioaren eguneroko lana inspiratzen duen memoria eta espiritu ospitalarioa bizirik mantentzea».


Partekatu