Neurorrehabilitazioa eta kalte zerebrala

Gure fisioterapeutak Explorer exoeskeleto pediatrikoaren erabileran trebatzen dira

Fisioterapeutas ante un ordenador

Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Haurren Errehabilitazio Unitateko fisioterapeuta pediatriko Irma Garciak, Elena Tampanek eta Nerea Meabek Marsi Bionics etxeak Exploreri buruz emandako online formazio batean parte hartu dute; erabilera pertsonaleko exoeskeleto pediatriko berritzaile bat da, ingurune klinikotik kanpo erabiliz neurogarapenaren nahasmenduen ondorioz mugikortasun murriztua duten haurrei laguntzeko pentsatua.

Gailuak, Atlas 2030ek ez bezala, egunerokotasunera eramaten du errehabilitazio fisikoa, autonomia eskaintzen baitu etxean, ikastetxean edo parkean erabiltzeko. Inklusioa eta irisgarritasuna errazteko garatu da, haurrei barruko espazioetan zein kanpokoetan esploratzeko aukera ematen baitie, eta, horrenbestez, familiarekin eta lagunekin eguneroko jardueretan parte hartzeko.

Explorer segurua da, hainbat azterketa klinikotan baliozkotu da, eta, gainera, luzera egokitzeko aukera eskaintzen du, paziente gaztetxoen hazkundearen arabera (2 urtetik 17ra). Egonkortasunez ibiltzen laguntzen die, mugimendu naturala imitatuz, eta pauso bakoitzaz gozatzeko askatasuna ematen die.

Exploreri esker, horrelako zailtasunak dituzten haurrak zutik jarri eta muskuluaren funtzionamendua imitatzen duen martxa egonkor eta natural batekin ibiltzeko aukera izango dute. Horrenbestez, ez beraiek ez familiek lehenago pentsatu ere ezin zituzten rolak hartu eta jarduerak egin ahal izango dituzte, eta, ondorioz, autopertzepzioa handituko da, autokonfiantza sustatuko da, eta gizarteratzean aurrera egitea lortuko da.

Explorer exoeskeleto pediatrikoa

Irma Garciak, Haurren Errehabilitazio Unitateko koordinatzaileak, eskerrak eman nahi dizkio talde osoaren izenean Marsi Bionicsi, errehabilitazio funtzional, pertsonalizatu eta inklusibo baterantz aurrera egiten jarraitzeko aukera emateagatik.


Partekatu