Gure fisioterapeutak, Fisioterapia Neurologikoa Euskadiko I. Jardunaldietan

Joan den urriaren 25ean, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Fisioterapia Arloko taldeak, Iban Arrien buru zela –arloko arduraduna eta Euskadiko Fisioterapeuten Elkargoko lehendakaria–, Fisioterapia Neurologikoaren Euskadiko 1. Jardunaldietan parte hartu zuen, Bilboko Bizkaia Aretoan.
Euskal Herriko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu zuten topaketa, Neurologiako Fisioterapeuten Espainiako Elkartearen laguntzarekin (AEF-Neuro), eta arlo klinikoko, irakaskuntzako eta ikerkuntzako fisioterapeutak elkartu ziren, ikasleekin batera, EAEn fisioterapia neurologikoa indartzeko, profesionalen arteko lankidetza sustatzeko, eta patologia neurologikoen lanketa eraldatzen ari diren ikerketa proiektuak ikusarazteko.
Jardunaldian neurorrehabilitazioaren ikuspegirik berritzaileenak eta aurrerapen zientifikorik berrienak aztertu ziren. Nazio eta nazioarteko erreferentziazko profesionalek protagonizatu zituzten ponentziak, kasu klinikoak eta mahai inguruak, funtsezko zenbait gai jorratuz, hala nola balorazio funtzionala, teknologia berrien aplikazioa eta diziplinarteko lanaren garrantzia.
Urrian, Kalte Zerebralaren Eguna (26) eta Iktusaren Eguna (29) hartzen dituen hilean, gogorarazten dugu EAEn urtero 5.000 iktus kasu berri antzematen direla (helduen artean hartutako desgaitasun neurologikoaren arrazoi nagusia), eta 18.000 baino gehiago bizi direla sekuela neurologikoekin. Kopuru horri esklerosi anizkoitza, parkinsona edo gaixotasun arraro eta neuromuskularrak gehitu behar zaizkio, horiek ere desgaitasun maila handiak sortzen dituztelarik.
Jardunaldi hauek bezalako ekimenak funtsezkoak dira pazienteen bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko, baita formazioa eta bikaintasun profesionala bultzatzen jarraitzeko ere.













