Patologia dualean lagun egiteari formazioa eman dugu Espetxe Pastoraltzan

Joan den ekainaren 14an, Gipuzkoako Elizbarrutiak Espetxe Pastoraltzaren Urteko Batzarra egin zuen, eta bertan izan ziren Espainiako Apezpiku Konferentziako (CEE) Espetxe Pastoraltza saileko presidentea, Jose Ignacio Garcia Quintana apaiz jesuita, eta Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetan eta Ospitalarioak Fundazioa Euskadiren Arrasateko Lege Psikiatriako Unitatean (LPU) boluntario dabiltzan 40 lagun. Batzarra Arantzazuko Santutegian egin zen, eta azken urtean Elizbarrutiak egin duen lanaren balantzea egiteko eta hurrengo ekitaldia planifikatzeko balio izan zuen.
Gure erakundetik joan ziren Egoitz Zabala, Pastoraltza eta Arreta Espiritual eta Erlijiosoko koordinatzailea, eta Alfonso Saez de Ibarra Olasolo, psikologia klinikoko espezialista, zeinak mintegi bat eman zuen, “Patologia duala izanik, bazterketa arriskuan dauden duten pertsonei laguntzea” izenburuarekin.
Patologia duala: gaixotasun mentala eta adikzioak
Patologia dualean, pertsona berean gaixotasun mentala eta adikzio jokabidea elkartzen dira, eta, giltzapetuta dauden pertsonen kasuan, substantziekiko adikzioa izan ohi da. Duela gutxi, Espetxeko Osasun Mentaleko Jardunaldian emandako hitzaldi batean, LPUko arduradun Iñaki Madariaga psikiatrak adierazi zuenez, Espainian patologia mentalen bat duten 59.000 pertsona daude askatasunik gabe, eta horietatik 4.000 inguruk gaixotasun psikiatriko larriak dituzte.
2022an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2023-2028 Osasun Mentaleko Estrategian jasotako datuen arabera, Osasun Mentaleko Sarea 795 pertsona artatzen zituen autonomia erkidegoan, nahasmendu mental larria eta substantzien erabileraren nahasmendua zutenak –662 gizon eta 133 emakume, gizonak 50 urteko batez besteko adinekoak, eta emakumeak 56koak–, baina dokumentuak gaiari buruzko azterlanen falta nabarmentzen du, eta esaten du “datuak, seguruenik, altuagoak” izango direla. Berriki egindako azterketa espezifikorik ez egoteak eragotzi egiten du EAEko espetxeetan patologia dualaren prebalentzia zein den jakitea, baina, kontuan hartuta gaixotasun mentalaren prebalentzia espetxeetan biztanleria orokorrean dagoena baino askoz handiagoa dela (7 halakoa ere bai, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera), ez da ausartegia pentsatzea gure autonomia erkidegoko espetxeetan patologia duala oso presente dagoela.
Espetxe Pastoraltzaren esparruan borondatezko lana egiten duten pertsonei laguntzeko, Alfonso Saez de Ibarra psikologoak errepaso bat egin zuen; hasteko, osasun mentalaren, nahasmendu mental larriaren, substantzien erabileraren nahasmenduaren eta patologia dualaren kontzeptuak azaldu zituen, eta aztertu zuen nolakoa den haurtzarotik helduaroko etapa autonomora iristeko bilakaera, bilakaera horretan ager daitezkeen gatazkak, garatzen diren ikaskuntzak, eta nola eragiten dion horrek guztiak pentsamenduaren, emozioen eta portaeraren heldutasunari.
Gure psikologoak neurosi, psikosi, eskizofrenia, nortasunaren nahasmendu edo psikopatiaren ezaugarriak zehaztu zizkien bertaratutakoei, eta ondoren substantzien erabileraren nahasmenduari erreparatu zion, horien artean egonik alkohola, opioideak, cannabinoideak, kokaina, lasaigarriak, estimulatzaileak, haluzinogenoak, tabakoa, disolbatzaileak eta beste substantzia psikotropiko batzuk. Saez de Ibarrak eskizofreniako ahultasunaren teoria azaldu zuen, non faktore biologiko, psikologiko eta sozialek esku hartzen duten, eta pertsona batek desegokitze sozial batera iritsi arte egin ditzakeen urratsak zehaztu zituen, bazterketara edo legezko desegokitzera eraman dezaketenak, non bat egiten duten munduaren pertzepzio oker batek eta delituak egitera eraman dezaketen helburu propioetarako lehentasun emozional zein arrazionalek.
Emozioen kudeaketa
Gure psikologoak espetxeetan egiten duten pastoral lanean eragin dezaketen gertakari batzuen berri eman zien bertaratutako boluntarioei, jakitun izan daitezen eta horiei errepara diezaieten. Adibidez, gogorarazi zien arazoak dituzten pertsonei laguntzean, askotan, transferentzia inkontziente bat sor daitekeela, hau da, giltzapetutako pertsonak laguntzailearengan sentimenduak, nahiak, jarrerak edo itxaropenak proiekta ditzakeela, jatorrian bere iraganeko edo espetxetik kanpoko bizitzako pertsona esanguratsuei zuzenduak, alboan duen pertsona horrek proiekzio hori eragiteko ezer egin ez badu ere. Horrek emozioak sor ditzake giltzapean dagoenarengan, behar bezala kudeatu behar direnak, eta, are gehiago, lagun egiten duen pertsonarengan ere emozioak eragin ditzake, bere bizitza pertsonaleko gertaerak, pertsonak edo egoerak gogorarazten dizkiolako.
Alfonso Saez de Ibarrak, gainera, esan zienez, betetzen duten eginkizunetik “sendatzea” edo “berriro heztea” ezinezkoa bada ere, pertsona horiek maiz nahasmendu kronikoak izaten dituztelako, eta bizitza edo arazoak konpondu ezin badizkiete ere, bai euskarri gisa balio dezaketela pertsona horiek beren gain hartu behar duten suspertze prozesuan. Espezialistak bere burua ere babestu eta emozionalki gehiegi inplikatzeko arriskutik aldendu behar dutela gomendatu zien, baina bizitzaren zati bat bai eskain dezaketela, eta gogoeta egin beren lan pastoralean zerk motibatzen dituen eta pertsona horiekin zer bilatzen duten ulertzeko, bere ahaleginaren emaitza, batzuetan, espero zena ez izatea litekeena dela onartuz.
Saioa pastoralistentzako beste gomendio batzuekin amaitu zen: epaitu gabe entzunez laguntza emozionala ematea, pertsonen ezinegona onartuz eta denbora partekatuan haien sufrimendua arintzen saiatuz; nork bere arazoez arduratzera animatzea, biktimismoan erori gabe, haien autonomia estimulatuz eta helburuak ezartzen lagunduz; eta pertsona horien beharretako batzuk asetzea, hala nola kontaktu soziala, aitortza, beren duintasunaren baieztapena edo lotura bat ezartzea.
Ebaluazioa
Kaferako etenaldi baten ondoren, batzarrean parte hartu zuten boluntarioek ebaluazio pertsonala, zein taldekoa egin zuten. Honen ostean, pastoraltzako kideak, lagunarteko bazkarira joan aurretik, esker onez, Konbertsioko Kaperara joan ziren.
Edozein ospakizunetan bezala, hemen ere, oso garrantzitsua da boluntarioentzako mahaiaren inguruan biltzeko unea; elkarrekin egoteko, Gipuzkoako hainbat eremutako taldekideak agurtzeko, hitz egiten aritzeko…
Amaitu aurretik, jardunaldian parte hartu zuten pertsonek, Koldo Cacho jesuitaren eskutik, Ate Santua eta Basilika bisitatu ahal izan zituzten.
