San Benito Menni Eguna: hospitalitatea, itxaropen bidea

Ospitalarioak Fundazioa Euskadi (antes Aita Menni)
Salud mental | Discapacidad intelectual | Neurorrehabilitación y daño cerebral | Persona mayor
Gaurkotasuna
Aurten, San Benito Menni Ahizpa Ospitalarioen Sortzailearen Eguna dela eta, komunitate ospitalarioan elkartu ginen, “Hospitalitatea, itxaropen bidea” lelopean.
Apirilaren 24a gogoeta momentua da komunitate ospitalario osoarentzat, gure lana hasieratik gidatu duten balio ospitalarioekin gogoratzera eta berriz konektatzera gonbidatzen gaituena. Gure erakundearen historia 1881ean hasi zen, San Benito Mennik, Maria Angustias Gimenez eta Maria Josefa Reciorekin batera, Jesusen Bihotzeko Ahizpa Ospitalarioen Ordena sortu zuenean.
Ahizpa Ospitalarioak Espainian lehenak izan ziren osasun mentaleko arazoak zituzten emakumeak artatzen, garai hartan abandonatuta eta gizartean baztertuta zeudelarik. Arreta soziosanitarioko gure ereduaren oinarriak ezarri zituzten, hospitalitatean, zaintza integralean eta pertsonaren duintasunaren eta autonomiaren errespetuan oinarrituta, zeinak orain ere gidatzen duen gure eguneroko lana.
Hospitalitatea itxaropena da. Beste pertsona bat errespetuz eta enpatiaz hartu, lagundu eta zaintzeko modu bat da, eta sufritzen duenaren bizitza eraldatzeko ahalmena du. Kontua ez da bakarrik arretarako leku bat eskaintzea, baizik eta pertsona gizatasunez begiratzea, bere giza balioa aitortuz une zailenetan ere.
Egun honetan, Frantzisko Aita Santuaren irakaspenak ere gogoratu ditugu, San Benito Menniren eredua jarraitzera animatu gintuelarik: beldurrik ez izatea, gure garaiko erronka sozial berriei ausardiaz aurre egiteko berritzen jarraitzea: “Ahizpa maiteak, hau guztia seinale bat da, zuen kapitulua ulertuz, gonbidapen bat egiten duena: beldurrik ez izatera, sortzaileen ausardia berarekin jardutera, ausartzera, Jainkoak bidean jartzen dituen anai-arreben ongizatearen alde arriskatzera. Ausartu zaitezte, beldurrik gabe, eta entzun ezazue gure garaiko txirotasun berrien deia: asko dira!”.
Gaur goizean, Arrasateko Aita Menni Ospitalean eospatutako eukaristiari ongietorria eginez, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko ahizpa Nagusi Sor Isabel Martinezek Frantzisko aita santuaren erregua gogorarazi digu, eta komunitate ospitalarioa osatzen duten pertsona guztien lana eskertu. Ekitaldiak aita santuaren omenezko une bat izan zuen, eta zentroko langile batek eta paziente batek haren irudia jarri zuten aldarean, kandela batek emandako argiaren ondoan; euskaristia ospakizunean gurekin izan zen Xabier Zubizarreta Aretxabaletako erretore erretiratuak eskaini zuen.
Urtero bezala, Ospitaleko eliza txiki geratu zen zentroko pazienteak, ahizpak eta langileak hartzeko, Hospitalitatearen jaia partekatu eta gure lanaren zentzua gogoratzeko: hurbiltasunez zaintzea, harrera egitea, entzutea eta laguntzea.
Elizkizuna amaitzean, omenaldi txiki bat egin zitzaien jubilatu aurretik gurekin bizitza profesionala amaitzen dutenei eta dagoeneko 25 urte gure etxean daramatzatenei; 20 bat lagun dira, eta lankideen txaloak, Zuzendaritza Kontseiluaren esker ona eta detaile txiki bat jaso zituzten.
San Benito Menniren egun zoriontsua.
Bideo hau ikustera gonbidatzen zaitugu, non Ospitalarioak Fundazioko langile batek, zaintza aringarrietako paziente baten senide batek, boluntario batek, ahizpa ospitalario batek eta kafetegi batean lana lortu duen osasun mentaleko erabiltzaile batek haientzat itxaropena zer den azaltzen duten.