Adikzioez hitz egiteak ere bide zuzena hartzea errazten du

Prebentzioa entzutearekin, ulertzearekin eta laguntzearekin hasten da. Horregatik, beste urte batez, 16 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzendutako adikzioen inguruko sentsibilizazio-jardunaldiak martxan jarri ditugu.
2025-2026 ikasturtea Oñatiko DBHko ikasleen bisitarekin abiatu dugu, eta urtez urte helburu bera mantentzen dugu: informazio garbia, erreala eta zintzoa eskaintzea, erabakiak garrantzitsuak diren bizitzako une batean.
Aurreko ikastaroetan, 480 ikasle inguruk bisitatu dute gure zentroa Debagoienatik, Durangotik, Azpeitia eta Tolosaldeatik.
Guztiek izan dute aukera gure Arrasateko zentroan ingresatuta dauden pertsonen testigantzak lehen eskutik entzuteko: zer den adikzio bat, nola funtzionatzen duen sari-sistemak, zer efektu dituzten substantzia ezberdinek eta nola aurreratzen den prozesu adiktiboa.
Baina badugu gero eta behar handiago bati ere lekua: portaera-adikzioak —pornografia, IKTak, online jokoak, bideo-jokoak…— askotan gazteen osasun mentalean eragin zuzena duten errealitateak.
Programa honek laguntzea, prebenitzea eta tresnak eskaintzea du helburu. Informazioa, zintzotasunez eta gertutasunez partekatzen denean, bideak alda ditzakeelako.












