Murie doktoreak kalte zerebralaren neurorrehabilitazioan zeregin dualak entrenatzeak duen garrantzia Tenerifen hitz egin du

Manuel Murie doktorea, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko zuzendari mediko eta Neuroerrehabilitazio eta Kalte Zerebraleko arduraduna, Ospitalarioak Fundazioa Teneriferen Hartutako Kalte Zerebralaren II. Jardunaldi Teknikoetako hizlarien paneleko protagonistetako bat izan zen. Murie doktoreak “Zeregin dualak: zer dira eta zergatik entrenatu behar ditugu” izenburuarekin hitzaldi bat eskaini zuen, zeregin dualei eta horiek garuneko lesio baten osteko errekuperazio funtzionalean duten zereginari buruz. Hitzaldian bost urteko lan klinikoaren eta arlo horretako ikerketa aplikatuaren ondoren, entrenamendu mota horri buruz egin dituen azterlanen emaitzak partekatu zituen.
Zeregin dualak bi ekintza aldi berean egitea eskatzen duten jarduerak dira, esaterako, elkarrizketa bat mantentzen den bitartean ibiltzea, edo pedalei eragiten zaien bitartean puzzle bat egitea. Horrelako ariketek arreta banatu eta funtzio motor eta kognitiboak koordinatzeko eskatzen diote garunari.
Hartutako kalte zerebrala (HKZ) duten pertsonetan, gaitasun hori kaltetuta egon daiteke. Horrek azalduko luke, ingurune klinikoan itxuraz susperraldia izan ondoren, paziente batzuek zergatik dituzten zailtasunak eguneroko bizitzan autonomiaz moldatzeko.
Hizlariak neurorrehabilitazio prozesu baten ondoren senda agiria jasota zuten 48 pazienterekin egindako azterketa baten emaitzak aurkeztu zituen. Guztiak modu independentean ibiltzen ziaren arren, %35ek senda agiria jaso ondoren erorikoak izan zituzten, eta horietako asko ez ziren bakarrik irteten etxetik.
Bere ustez, datu horiek zentroan ikusitako suspertze motorraren eta eguneroko inguruneko gaitasun funtzionalaren arteko aldea islatzen dute. Hori ikusita, zeregin dualek HKZ duten pertsonen errendimenduan eta segurtasunean duten eragina aztertzera eraman zuen lantaldea.
Bi zeregin aldi berean egitearen “kostua”
Murie doktoreak honela definitu zuen “kostu duala”: errendimenduan sortzen den galera, garunak aldi berean bi zeregin egin behar dituenean. Iktusa zuten 35 pazienterekin egindako ikerketa batean ikusi zenez, oinez zihoazen bitartean hirunakako kenketa egin behar zutelarik, martxaren denbora %42 handitzen zen, eta kalkuluen zehaztasuna murrizten zen. Doktoreak berak adierazi zuen, hala ere, azterketak parte hartzaileen adinari lotutako alborapen bat duela, gehienak adinekoak baitziren, eta horrek emaitzan eragina izan lezake.
“Bi gauzak batera egiten dituzunean, garunak zeregin kognitiboa lehenesten du. Eta horrek bere logika du: hobe da kalea zeharkatu baino lehen gelditzea, pentsatu gabe ibiltzen jarraitzea baino”, azaldu zuen. Gaineratu zuenez, estrategia hori baliagarria izan daiteke erorikoak prebenitzeko eta neurorrehabilitazio programa eraginkorragoak diseinatzeko.
Halaber, adituak nabarmendu zuen beharrezkoa dela zeregin dualen entrenamendua errutina terapeutikoetan txertatzea, eguneroko bizitzak etengabe eskatzen baitu ekintzak konbinatzea (ibiltzea eta hitz egitea, kozinatzea eta pentsatzea, gidatzea eta erabakitzea…). Horrez gain, entrenamendu mota hori errazteko garatutako tresna digitalak eta kostu gutxiko gailuak aurkeztu zituen, bai zentro espezializatuetan bai etxean erabiltzeko.
Ondorio gisa, hizlariak azpimarratu zuen lan dualak egiteko gaitasuna murriztu egiten dela adinarekin eta kalte zerebralarekin, baina praktika konstantearen bidez hobetu daitekeela. Horregatik, nabarmendu zuen zeregin motor eta kognitiboak aldi berean entrenatzeak neurorrehabilitazio prozesuaren parte izan behar duela, gure egunerokoan egiten dugun ia guztiak zeregin dualak eskatzen dituelako.












