Nola nahi dugu trata gaitzaten?

Ekainaren 15ean Zahartzaroko Abusu eta Tratu Txarren Kontzientzia Hartzeko Mundu Eguna dela eta, Bizkaiko Caritasek jarduera parte hartzaile bat antolatu zuen joan den ekainaren 12an, Bilboko Santiago Katedralaren inguruan. Hainbat talde eta erakunde sozial bildu zituen ekintzak, eta “Tratu Onaren Liburu” bat sortu zen sinbolikoki, adinekoak tratatzeko moduari buruzko mezu eta gogoetekin.
Ekimenarekin, Bizkaiko Caritasek isildutako arazo bat ikusarazteaz gain, adinekoentzako tratu onaren eta duintasunaren aldeko konpromiso komunitarioa ere indartu nahi zuen, haien balioa, esperientzia eta bizitza oso eta indarkeriarik gabeko bat izateko eskubidea aitortuz.
Jardunaldian aurrez aurre parte hartzea ezinezkoa izan zitzaigun arren, Txurdinagabarri Egoitzan sakon landu genuen gaia gure saioetan. “Nola nahi duzu trata zaitzaten?” proposatuta, hainbat dinamikak gauzatu genituen adin tarte desberdinen arabera: talde bakoitzak gogoeta egin eta bere proposamenak idatzi zituen orrietan, eta geroago Bilbon aurkeztutako liburu kolektiboan txertatzeko bidali genituen.
Sentsibilizazio jardueretan, adinekoek jasan ditzaketen tratu txar motak landu ziren, abusu fisikotik hasi eta psikologikora arte, baita utzikeria edo zabarkeria ere. Gainera, “egia edo gezurra” joko baten bidez, kolektibo horren inguruan oraindik ere dirauten estereotipoei buruzko eztabaida bat bideratu zen, begirada kritikoago eta errespetuzkoagoa sustatzeko.