Oporrak Saloun egonaldi luzeko gure pazienteentzat

Maiatzaren 26tik ekainaren 1era, Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko egonaldi luzeko hogei pazienteko talde batek opor politak igaro ditu Mediterraneoko kostaldean. Iaz Peñiscolara joan baziren, oraingoan Salou izan da aukeratutako helmuga, eta bertan ospitaleko errutinatik deskonektatu, itsasoaz gozatu eta une bereziak partekatu ahal izan dituzte beste ingurune batean.
Egonaldian zehar, Zaida Del Rio eta Nora Khaldoun egonaldi luzeko arloko laguntzaileak izan dituzte ondoan, bidaian beraiekin batera joan dira eta. Bidaian, halaber, Loli Herrero Lege Psikiatriako Unitateko erizaina eta Mercedes Goñi unitate horretako eta egonaldi ertain eta luzeko gainerako dispositiboetako gainbegiralea ere joan dira haiekin. Taldeko guztiek jardueraz, aisiaz eta ongizatez betetako aste batez gozatu dute, elkarbizitzako giro lasai eta alaian.
Port Aventurara txangoa
Hondartzara joan eta hoteleko igerileku eta instalazio bikainak aprobetxatzeaz gain, hiru egun aipagarri izan ziren. Maiatzaren 28an Cambrilseko Parc Samà bisitatu zuten. Interes Nazionaleko Kultura Ondasun izendatutako lorategi historiko pribatu bat da, eta han ingurune naturalaz eta animaliez gozatu zuten. Plan lasaia, bidaiako unerik esperoenetako baten aurretik, Port Aventurarako txangoaren aurretik, alegia. Maiatzaren 30ean, emozioz, barrez eta dibertsioz betetako eguna izan zuten. Ahazteko zaila den eguna izan zen, maiatzaren 29a bezala, egun horretan taldeko paziente baten 55. urtebetetzea ospatu baitzuten.
Urtero gertatzen den bezala, ospitaletik kanpoko egun horiek balio terapeutiko erantsia dute eta esperientzia pozgarria dira, eguneroko errutinatik urrun. Harreman pertsonalak errazten dituzte, beste testuinguru batzuetan trebetasun sozialak praktikatzeko aukera ematen dute, autoestimua indartzen dute eta autonomia sustatzen dute. “Eguzkia, itsasoa, hidropedaleetan ibiltzen igarotako unea, Salou bisitatzeko tren turistikoan egindako txangoa, atrakzioak, ikuskizunak, gauza horiekin guztiekin denok haurrak moduan disfrutatu genuen”, kontatu du Mercedes Goñik, oporrek osasun ona izaten laguntzen dutela azpimarratuta.