Autismoari buruz Kontzientziatzeko Mundu Eguna izan da

Apirilaren 2a Autismoari buruz Kontzientziatzeko Mundu Eguna da eta, Ospitalarioak Fundazioa Euskadin, espektro autistako nahasmendua (EAN) duten pertsona askori eta haien familiei laguntzen diegu bizi kalitate hobea lortzeko bidean.
Egun horretan, inklusioa, kontzeptu bat ez ezik, egunez egun frogatzen den ekintza bat dela gogorarazteko, Desgaitasun Intelektual eta Espektro Autistaren Nahasmenduen Unitatetik «Ez daude autismoa duten bi pertsona berdin» kanpainarekin bat egin dugu, zeina autismoa duen pertsona batetik bestera dauden desberdintasunak azaltzera bideratzen den, pertsona bakoitza bakarra baita eta bere behar, gaitasun eta interes propioak baititu. Horregatik, bakoitzak laguntza espezializatuak behar ditu, bere egoera pertsonalera eta bizitzan dagoen unera egokituak.
Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Ospitalean
Indibidualtasunaren eta behar partikularren errespetuan eragiteko, Arrasateko Ospitalarioak Fundazioa Euskadiko Ospitaleko harreran lazo urdinak eskaini genituen nahi zuen orok ekimenarekin bat egin zezan. Galerian kartelak eta piktogramak ere jarri genituen leku nagusietan, harreratik, ekitaldi aretora, ile apaindegian, kafetegian, etab. Gainera, bezperan autismoari buruzko zinema saio bat antolatu genuen: aurtengo kanpainako spota proiektatu zen, eta ondoren «Ezagutzen Tomas ?» filma.
DIU osoa lazo eta zapi urdinez bete zen, eta patioan hainbat jolas egin genituen, musikaz girotuta. Eguerdiko 12:00ak aldera puxika urdinak askatu genituen. Ondoren, bingo musikalean jokatu eta haziak erein genituen. Jaia amaitzeko, gure erabiltzaileek askari berezi batez gozatu zuten.
Oro har, oso egun polita izan zen, pazienteek jardueretan asko parte hartu zuten eta oso pozik egon ziren.
Orozkoko Ibarra Zentroan
Orozkoko (Bizkaia) Ibarra Zentroan, Autismoaren Espektroaren Nahasmenduari (AEN) buruzko sentsibilizazio saio bat egin zuten, hainbat jarduerarekin.
Lehenik “Maria y yo” film laburra ikusi zuten, non Mariaren aitak autismoa duen nerabe baten egunerokoa nolakoa den kontatzen duen.
Ondoren, “Light it up blue” ekimena aurkeztu zen irudien bidez; ekimenean, munduko hiri askotako eraikin edo monumentu esanguratsuenetako asko urdin kolorez argiztatu ziren, autismoa duten pertsonei eta haien familiei babesa emateko eta elkartasuna adierazteko.
Jardunaldia amaitzeko, zentroko erabiltzaile bakoitzak infinituaren ikurra margotu zuen koloretan, autismoaren espektroaren barruan dagoen aniztasuna eta berezitasuna adierazteko. Ez daude autismoa duten bi pertsona berdin; diagnostiko bera partekatzen badute ere, bakoitzak bere interes, gaitasun eta behar propioak ditu, eta bere bizi zikloaren etapa bakoitzari egokitutako laguntza indibidualizatu eta espezializatuak behar ditu.