Gure Neurorrehabilitazio eta Kalte Zerebraleko Zerbitzuak 958 lagun artatu zituen 2024an

Ospitalarioak Fundazioa Euskadiren Errehabilitazio eta Kalte Zerebralaren Zerbitzuak 958 pertsona artatu zituen 2024an Arrasate, Donostia eta Bilboko zentro eta unitateetan. Ospitale-egonaldiak, anbulatorio-saioak eta kontsultak kontuan hartuta, asistentzia-jarduera orokorra %11,4 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta.
Kalte Zerebraleko Menni Sarearen 2024ko Memoriak (gaur egun Ospitalarioak Fundazioa: Kalte Zerebral eta Neurorrehabilitazioko Sarea) jasotzen dituen datuen arabera, Ospitalizazio Unitateak 115 paziente artatu zituen bere 36 oheetan, 10.985 egonaldirekin eta, paziente bakoitzeko, 127 eguneko batez bestekoarekin. Horrek esan nahi du aurreko urtearen aldean erregistratutako asistentzia-jarduera osoa %5 gehitu dela.
Arrasate, Donostia eta Bilboko Unitate Anbulatorioek 627 pertsona artatu zituzten, eta 26.960 kontsulta/saio egin zituzten, eta Haur Errehabilitazioko Unitateak, berriz, 148 adingabe tratatu zituen, 4.393 saiorekin. Donostia eta Arrasateko Eguneko Zentroek, guztira 70 plaza dituztelarik, 68 pertsonari eman zieten arreta, guztira 16.061 kontsulta/saio eginez.
Egonaldien kopuruari dagokionez, ospitale-jarduerak %5 egin zuen gora 2023arekin alderatuta; jarduera anbulatorioan, berriz, %13,6 egin zuen gora, haurren errehabilitazio-jardueretan %11 eta eguneko zentroetan %12.
Ospitalarioak Fundazioa Euskadik berrikuntza teknologikoan eta errehabilitazio robotikoan erreferente izaten jarraitzen du. Nabarmentzekoa da ikerketa proiektuetan duen partaidetza, Atlas 2030 exoeskeleto pediatrikoarekin eta terapia aurreratuekin, baita elkarte, zientzia eta unibertsitateekin duen lankidetza ere.